Lanbide Irakaskuntzarako Meatze Zentroa

Ainhoa Urien Master Cup txapelketatik kanpora geratu da

Abadiñon jokatutako jardunaldian aritu diren Durangaldeko pilotari denak txapelketatik kanpora geratu dira: Ainhoa Urien abadiñarra, Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarra, Nuria Telleria berriztarra eta Maialen Jaio zornotzarra.

Abadiño eta Traña-Matienako pilotalekuek lau t’erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren bigarren jardunaldia hartu dute asteburuan. Asteburu eskasa izan da eskualdeko pilotarientzat, lehian aritu diren laurak kanpoan geratu direlako. Martxoan binakako txapelketa irabazi zuen Ainhoa Urien abadiñarrak ezin izan du hurrengo faserako txartela eskuratu. Faboritoa zen, baina Amaia Aldai dimoztarra bere baino gehiago izan da.

Maialen Jaio zornotzarrak eta Nuria Telleria berriztarrak ez dute aukerarik izan euren taldeetan. Aurkariak garbi nagusitu zaizkie. Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarrak, aldiz, gertu izan du sailkapena. Lehenengo, Ibone Brinasi irabazi dio (10-18) eta partidu erabakigarrian 18-16 galdu du Madalen Etxegarai oñatiarraren aurka.

Era berean, nabarmendu daiteke, 66 urterekin, Reyes Azkoitiak hurrengo kanporaketarako sailkatzea lortu duela, ez ordea Daniela Vargas mexikarrak edo Andrea Capellanek, garai batean Aspeko pilotari profesionala izan zen Miguel Capellanen alabak.

Hurrengo kanporaketa datorren igandean, azaroaren 4an, izango da, Gordexolako pilotalekuan, 10:30etik aurrera.
Albiste hau Anbotok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu Meatze Berdintasunaren aldeko blogera.

Leave a Comment